XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AXULARRen berri gutti ezagunak

Duela urte parrasta bat, gure autoreari buruz itzalditxo bat egin nuen Donostian, 1953 urtean; Euskalzaindiaren itzalean, guk abiatu ginituen itzaldi haietako bat.

Orduan esandako zerbait aipatuko dut hemen, oraiko berriez ornitua.

Baina, deus aundirik esan dezakeguia, yadanik errepikatua eztena?.

Aitor dut atseginez ari naizela, abantxu ene erritarra izan zelakotz AXULAR zaharra, Urdazubiko lurra Baztango dermioen barrenean dagoelako eta lehenagoko denboretan, Baztango egiten zen xoilki.

Pedro Daguerre Azpilcueta deitzen zen berez, Axularr bere sortetxe izenetik ezagunago betidanik, ordea.

Guti dakigu bere gaztaroaz, ezen 40 urte beteak bazituen apez ordenatu izan zeneko Tarbes-en.

Hemen Iruñean artu zuen diakono ordena, eta hemengo Apezgaitegian eta Léridan egin zituen ikastaroak.

Baina zer aritu zen adin hortaraino, hemendik harat, leku estrainotan ibilki? Edo zerbait traba ezkutu bide zuena?.

Garai haietan beretan haren inguruko Eskalerrian, ikaragarrizko zorigaitzak gertatzen ziran; Akelarre batzarretara elemeniaka omen zoazin aldi artan jendeak, eta orduan gertatu ziran Pierre de Lancre (de Rostegui izenekoa, damuz) epaikari zela, sorgin dohakabeen erretze deitoragarriak.

Eta haien artean, bizirik erretakoen artean, iru apezen izenak kausitzen ditugu; bi zahar, Arguibel eta Miguelena, Azkainen erreak eta Bocal, Ziburuko erretora, 27 urtetakoa.

Nola eta zer bide-tik eldu zirenez apez dohakabeak azken fin izigarri hortaraino, deus eztakigu.

Pierre de Lancre-k dionez bere L incredulité eta mescreance du sortilége plainement convaincue liburuan gure arbasoek ere, izigarrikeri haietan parte izan zutela iduri du.

Eta orai galde bat, beti erantzunik gabe gelditu dena nere buruan; zergatik ezdu Axularrek bere liburuan sorginkeriaz itzik ere aipatzen? - Bekatu aundi bat izanik eta orduko Euskalherrian asko edatua?.